Bertako basoaren berreskurapena eta biodibertsitatea handitzea Los Ríos-en (Muskiz)

2010 urteaz geroztik Muskizko Udalarekin dugun Lurralde Zaintzako akordio baten bidez bertako basoa berreskuratu eta biodibertsitatea handitzeko  lan egiten dugu Los Ríos zonaldeko (La Rabuda auzoan) baso-lursail batetan. Gaur egun, lursaila kokatuta dagoen haranean eukaliptus eta pinuaren baso-ustiaketa intentsiboa da nagusi, honek mozketa garaietan higadura eta lur-galtze arazo larriak sortzen dituelarik, baita ingurunean biodibertsitatearen gutxitze orokor bat ere.

Hala eta guztiz ere, tokian ingurumenaren ikuspuntutik balio garrantsitzu batzuk daude:

  • Haranaren sakonetik igarotzen den errekastoa ondo kontserbatuta dago eta ibaiertzeko baso interesgarri bat mantentzen du. Errekasto honek korridore ekologiko eta bertako landaredia duten zonaldeen arteko lokarri bezala jarduten du.
  • Tokian basoko hegazti espezie interesgarriak daude, harrapariak, haragijale txikiak…honetaz gain Woodwardia radicans iratxea bezalako babestutako espezie batzuk ere kontserbatzen dira.

Urte hauetan zehar egin ditugun ekintzen artean, azpimarra ditzakegu:

  • Bertako udalerriko eta Bizkaiko taldeentzako sentsibilizazio ekintzak.
  • Sasi garbiketak eta bertako zuhaitz eta zuhaizken landaketak: haritza, lizarra, urkia, basaerramua, zuhandorra, hurritza, gaztaina, otsalizarra, sahatsa, astigarra, ezkia, gereziondo eta madariondoak.
  • Anfibioentzako urmaelen eraikuntza
  • Habi-kutxak ezartzea
  • Anfibio eta narrastientzako babeslekuak eraikitzea

Proiektu hau burutzeko IZATE Ingurugiro Taldearen laguntza dugu.